XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aurrekontuak kontserbadoreak direlako itzultzea nahi du PSEk

F.I. / GASTEIZ

Osoko emendakin bat, berriro gobernuari itzultzea eskatuz, aurkeztu die PSE-PSOEk bihar Legebiltzarrean eztabaidatzen hasiko diren aurtengo aurrekontuei.

Jose Antonio Maturana eta Roberto San Ildefonso parlamentari sozialisten esanetan, 1991ko aurrekontuak kontserbadoreak eta iazkoen ez jarraipenezkoak dira, eta horregatik osoko emendakina aurkeztu dute.

Horretaz gain, Jaurlaritzako beste bost sailei ere osotarikoak aurkeztu dizkie eta 304 emendakin partzial.

Osoko emendakina gastu sozialean ematen den atzerapenean oinarritzen dela adierazi zuten arduradun sozialistek.

Euren iritziz, Hezkuntza eta Osasun sailak atzerapen nabarmena erakusten dute iazko aurrekontuekin konparatuz.

Ekonomia % 11,3 hazi arren, Hezkuntzako aurrekontua % 7,3 hazi da esan zuen, Maturanak.

PSE-PSOEk hezkuntzako aurrekontua zortzi mila milioi pezetan gehitzea eskatzen du.

Gainera ez dator bat ikastolei emango zaien 3.710 milioiekin.

Eurak diru kopuru hau bi milara jaistea eskatzen dute, eta datorren urtean sare publikoan sartzen ez direnak ez dutela laguntzarik beharko gaineratu zuen.

OSASUN ZENTRU PRIBATUEN ALDE

Hezkuntzan bezala, Osasun sailean ere erakunde pribatuaren onerako eginak daudela aurrekontuak uste du PSE-PSOEk.

Maturanak gobernuak eritetxe pribatuekin iazko kontratuak bikoiztu dituela salatu zuen, osasun publikoko kalterako dela ziurtatuz.

Gobernuaren asmoekin beheko klase sozialak kaltetuta aterako dira sozialisten iritziz, eta gainera itxaroteko zerrendak* ez direla konponduko iragarri zuten.

PSE-PSOEk INSALUDeko aurrekontua ez duelako gobernuak aintzat hartu bere harridura agertu zuen.